Nortzuk gara

Gure arteko askok bizitza osoan egindako lana, askotan ordaindutako lana izanda ere, kotizaziorik gabekoa eta, ondorioz, eskubiderik gabekoa izan da; horrela aritu gara azpi-lanetan, garbitzaile gisa, zaintza eta zerbitzu lanetan, baserrietan eta arrantzarekin zerikusia izan duten beharretan, gehienetan, ordainketarik gabe. Etxeko lanen eta bertan bizi ginenen arduraren erantzule izan gara beti eta hori guztia, doan. Neurri handi batean, guri esker egin du gizarteak aurrera. Milaka emakume gara, onartu gabeko aberastasuna sortu dugunak, ordainik jaso gabe lan egin dugunak, kotizatu ezinik bizi izan garenak eta, horren ondorioz, gure zahartzaroan, eskubide barik aurkitzen garenak.

Sumindurik gaude emakumeen aurkako indarkeriaren larritasuna ikusirik, baina badago beste bazterketa mota asko, agertzen ez dena eta milaka emakumek egunero jasan behar dutena, bere bakardadetik, bere prekarietatean, gizartearen onespenik gabe, ikusezinak bihurtzen gaituztelarik.

Bidegabekeria sozial horren aurrean, Hego Euskal Herriko Emakume Pentsionistak garen heinean, gure artean antolatzeko beharra ikusi genuen, emakume nagusi eta pentsiodun gisa ditugun beharrei bidezko erantzuna eman ahal izateko; jendartearen eta instituzioen aurrean gu geu bozeramaile izan gaitezen.

Horrela sortu genuen 2018an ONEKA, Euskal Herriko Emakume Pentsionisten Elkartea. Elkarte honen nahia da herri honetako emakume pentsionistak elkartzea eta emakume guztientzako, Europako Gutun Sozialaren irizpideak jarraituz, pentsio duina lortzea.

Emakume nagusiek bizitza autonomoa izan dezaten eta indarkeriarik gabeko zahartzaroa bizitzeko aukera lor dezaten, neurri sozial eta politikoak aldarrikatu eta defendatuko ditugu.

Scroll to Top