PENTSIOA

ONEKAk, Euskal Herriko Emakume Pentsionisten Plataformak, gure proposamena partekatu nahi du egungo pentsioei buruz eta pentsio duin, zuzen eta nahikoak izan beharko litezkeen inguruan egiten dugun errebindikazioaz.
Duela 10 urte inguru, Pentsiodunen Plataformak: Diuntasuna, Araba Pentsionistak Lanean, Pentsionistak Martxan Bizkaia eta Nafarroa, Europako Gutun Sozialak plazaratzen zituen orientabideen berri emanez, kalera atera ginen Hego Euskal Herriko pentsiodunentzako pentsio duinak aldarrikatzera.
Sinadurak biltzen jardun ginen, aldarrikapen horren alde, eta bi erkidegoetako gobernuetan aurkeztu genituen: 71.724 Euskal Autonomia Erkidegoan eta ia 8.000 Nafarroako Foru Erkidegoan.
2018ko urtarrilean, pentsiodunak (oro har) kalera atera ginen, berriro, gure pentsioei ezartzen zieten % 0,25eko igoeraren aurka eta 10 urte lehenago aipatutako aldarrikapenen berri eman genuen.
ONEKAtik planteatzen dugu gutxieneko pentsioa aldarrikatzen jarraitu behar dugula, Europako Gutun Sozialaren irizpideei jarraituz. Herrialde bakoitzari dagokion lanbide arteko gutxieneko soldataren %90 aplikatzetik sortzen da kopuru hori.
Kontuan hartuta Espainiako Estatua herrialde, erkidego, herri eta abarrek osatzen dutela eta herrialde horietako bakoitzean batez besteko soldatak ezberdinak direla, lurralde bakoitzean ekoitzitako Barne Produktu Gordinarekin gertatzen den bezala, uste dugu ezin dugula kopuru berbera markatu lurralde guztietarako. Adibidez, erosketa-saskiaren kostua oso desberdina da batzuetan eta besteetan.
ONEKAk, Euskal Herriko Emakume Pentsionisten Plataformak, planteatzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean, eta dagozkien gobernuetan onartu ondoren, Hego Euskal Herriko pentsiodunei gutxieneko soldataren %90 bermatzea, gutxieneko pentsioa bezala, Europako Gutun Sozialak proposatzen dituen irizpideei jarraiki. Gure ustez, EGSren proposamen horiek aplikatzeak, pentsio duina eskuratzea eta erosteko ahalmen eguneratua ahalbidetzea ekarriko luke.

Scroll al inicio