Onekaren helburuen artean, emakume helduon eta pentsioniston egoera hobetzea eta duintzea dago. Emakume heldu eta pentsionistok desberdintasun eta diskriminazio itzela pairatzen dugu. Horregatik, hurrengo M8an kalera irtengo gara, gainontzeko emakumeekin batera, gure bizitzako eremu guztietan berdintasuna aldarrikatuz, bereziki pentsioetan. Emakume pentsionistok baikara erretiro pentsio gutxien jasotzen dugunok eta pentsio baxuenak jasotzen ditugunok ere bai (batez ere alarguntasunen pentsioak). Hori guztiagatik kalera!
Emakume pentsiodunon egoera, diskriminazio egoera estrukturalean dago oinarrituta; emakumeok behartuta gaude bizitzaren sustengua bermatzera, hauxe baita sistema kapitalista hetero patriarkalaren ezinbesteko parte bat, nahiz eta aitortua ez egon. Erreprodukzio eta zaintza lan ezkutatu horrek enplegua aukera eta eskubide berdintasunean eskuratzea baldintzatzen du eta, hortaz, pentsioak ere bai.
Behin eta berriro salatu izan dugu emakumeok lan merkatura sartu izanak ez duela berarekin batera ekarri ez lan baldintzen ekiparaziorik, ez eta zaintza arduretan erantzunkidetasunik ere. Soldata arrakala horren iraupenak erakusten du berdintasun alorrean burutzen diren politika publiko eta enpresarialak porrota izan direla. Soldata mailako bidegabekeria horrek, emakumeon egungo bizi baldintzei eta beren independentzia ekonomikoari kalte handia ekartzeaz gain, pentsioen zenbatekoan ere eragin negatibo handia dauka eta pentsioetan arrakala handiagoa sortzen du soldatetan baino.
Horregatik guztiagatik, M8an kalera irtengo gara beste batzuen artean, hurrengoak aldarrikatzeko: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lan denbora gutxitzeko eta banatzeko politikak, bizi laboral eta sozialaren arteko kontziliazio eta erantzunkidetasun efektiborako politika feministak,genero ikuspegiaz egindako enplegu politikak eta etxeko langileen Gizarte Segurantzaren erregimena bere osotasunean erregimen orokorrarekin ekipara dadila.
